Azken hilabeteotan Lezamako Udalak hainbat bilera egin ditu herriko gazteekin. Bilerek gazteen eskaerak ezagutu, eta horien beharrizanetara egokitzen den proiektu bat diseinatzea izan dute helburu. Gaia aztertu ostean, Udalak lokal berri bi atontzea erabaki du: bata, 10 urtetik 13 urtera bitarteko gaztetxoei zuzenduta egongo da, eta bestea 14 urtetik 18 urtera arteko gazteek erabili ahalko dute.
Azken lokal hau udaletxeko beheko aldean kokatuko dute; gaur egungo Gaztelekua dagoen lekuan, hain zuzen ere. Gazteek eurek kudeatuko dute lokala eta bertan egingo diren ekintzak erabaki eta antolatzeko aukera izango dute. Era berean, lokala euren erara apaindu ahalko dute. Atontze lanak datozen asteetan hasiko dira eta Auzolan programaren bidez egingo dituzte. Programa horrek lana eskaintzen die baztertutako pertsonei edota egoera horretan egon daitezkeenei. Beharretan 30.000 € baino gehiago inbertituko dituzte eta beste konponketa batzuen artean, berokuntzako sistema jarriko da eta leihoak ere berrituko dira.
Beste alde batetik, 10 urtetik 13 urtera bitarteko gazteei zuzendutako lokala Garaioltza auzoko pisu berrietan egongo da. Bertan igeltsero-lanak, kanpoko arotzia eta intsonorizatze beharrak egingo dituzte, besteak beste. Beharrok laster hasiko dira eta datorren urtean zehar bukatuko dituzte. Lokalean 102.809 € inbertituko dira; Foru Aldundiak 46.327 € jarriko ditu, eta gainontzekoa, Udalak.