Mugikortasunaren alde egitea, jasangarritasun arloan aurrerapausoak ematea eta herriaren bizitza soziala eta kulturala bultzatzea dira 2008. urtean Lezamako Udalak hartuko dituen erronkak. Horrela, eta beste neurri batzuen artean, traba arkitektonikoak kenduko dituzte kaletik eta eraikin publikoetatik eta udaletxeko plaza ere egokitu dute. Era berean, kale batzuk luzatu eta konponduko dituzte.
Beste alde batetik, hainbat jarduera jarriko dute martxan jasangarritasun arloan: argiteria publikoa hobetu, argindarraren kontsumoa erregulatzeko aparatuak ipini, udal eraikinetan panelak jarri eta ur-hornidurako sarea egokitu, besteak beste.
Kultura arloari dagokionez, Kultura Etxea eraiki ahal izateko beharrezkoak diren tramiteei ekingo diete laster. Hori gaur egungo legegintzaldiaren proiekturik inportanteena da. Kultura Etxea herrigunean kokatuko dute, eta horrek sotoa, beheko pisua eta lehenengo pisua izango ditu. Udalak hiru milioi euro inbertituko ditu proiektu horretan. Horrezaz gainera, herriko gazteei zuzendutako lokal bi egingo dituzte eta Garaioltzako kiroldegiko futbol-zelaia atonduko dute.