Webgunearen bidez eman daiteke izena, Lezamako martxan/lasterketan parte hartzeko

Aikor aldizkaria 2008ko uzt. 23a, 08:55

Lezamako hainbat elkartek eta kirol taldek ‘2008 Lezamako mugetatik mendi martxa/lasterketa’ antolatu dute. Ekimena abuztuaren 31an, domekaz, egingo da. Martxa goizeko 8:30ean hasiko da; eta lasterketa, goizeko 10etan. Biek herriko plaza izango dute irteera eta helmuga, eta guztira 24 kilometroko ibilbidea egin beharko da modalitate bietan. Lasterketan 200 korrikalarik baino ezin izango dute parte hartu, eta martxako parte-hartzaileen kopurua, berriz, mugagabea izango da. Parte hartzeko gutxieneko adina 16 urtekoa da, eta izena emateak hamar euro balioko du lasterketan eta bost euro martxan. Inskripzioa www.lezamakomugetatik.com webgunearen bidez egin behar da. Parte-hartzaile guztiek izango dute saria; eta helmugara ailegatzen diren lehenengo lasterkariek –emakumea zein gizona- garaikurra eta txapela jasoko dituzte. Era berean, antolatzaileek gutxi gorabeherako denbora ezarri dute martxa amaitzeko. Marka ez da jakinaraziko martxa amaitu arte, eta denbora horretatik hurbilen dauden emakumeari eta gizonari ere emango zaizkie txapela eta garaikurra. Beste alde batetik, Zorrizketan euskara elkarteak triptikoak banatuko ditu parte-hartzaileen artean. Triptikoetan ibilbideko lekurik esanguratsuenei buruzko datuak eta informazioa jasoko dituzte.