Beitiak eta Okiñenak irabazi dute Lezamako Eskualde Txapelketa

Aikor aldizkaria 2009ko mar. 23a, 15:58

Txapelketak 50 urte bete ditu eta elkartekoek liburu bat atera dute urteurrena ospatzeko. Argazkiak: Joseba Apezetxea, Oskarbi fotografoak

Martxoaren 18an Lezamako Eskualde Txapelketaren finalak jokatu ziren. Promesa kategorian, Jaunarena eta Zabaleta Leitzako bikoteak 22-15 irabazi zien Mendinietari (Araba) eta Untorioari (Errioxa). Lehenengo mailan, Asier Beitia (Usansolo) eta Okiñena (Iruña) nagusitu ziren, Muguruzak (Bergara) eta Jon Bengoetxeak (Eibar) osatutako bikoteari 22-19 irabazita. Lehia handiko partidak izan ziren biak, bigarren zatian batez ere. “Pilotaririk onenarik” trofeoa Asier Beitiak jaso zuen. Beste alde batetik, Okiñenak finalera lau aldiz ailegatu dela aipatu behar da, eta oraingoa irabazi duen lehenengoa izan dela. Lezamako Eskualde Txapelketa Euskal Herriko txapelketarik onenetarikoa da afizionatu mailan eta aurten 50 urte bete ditu. Ondorioz, oso final bereziak bizi dira frontoian. Ibilbide luze honetan, ospe eta maila handiko pilotariek hartu dute parte txapelketan eta horietako asko finalak ikustera hurbildu ziren Lezamara: Iñaki Gorostiza, Pablo Berasaluze, Abel Barriola, Lucio Azkuenaga eta Patxi Atxa, tartean. Jose Angel Iribar Athleticen atezain mitikoa eta Manolo Delgado Meco Athleticen prestatzaile fisikoa eta Alaitz Etxeandia Lezamako alkatea ere izan ziren ikusleen artean. Lezamako Pilota Elkarteak liburu bat argitaratu du Txapelketaren urteurrenaren haritik. Liburua finalen egunean aurkeztu zuten jendaurrean. Lezamako Eskualde Txapelketaren 50. urteurrena lanean torneoaren ibilbideari egin diote errepasoa eta, era berean, protagonisten testigantza batu dute elkarrizketen bidez: Jesus Aurtenetxe, Markel Etxebarria, Josu Zallo, Jose Juan Esnaola, Juan Martinez de Irujo, Asier Bengoetxea, Ander Oliden edo Pedro Mari Goikoetxea kazetaria, besteak beste. Horrezaz gainera, garai guztietako hainbat argazki jarri dituzte ikusgai. Liburuak babesa jaso du Lezamako Udaletik.