Lezama Bizirik Auzo Elkarteak txangoa antolatu du ekainaren 6rako, eskolako Gurasoen Elkartearen laguntzarekin. Ekimenak Bilboko metropolia, hori osatzen duten herriak eta bertan garatzen dabiltzan proiektuak ezagutzea du helburu.
Goizeko 10etan Lezamatik autoz atera eta Artxandara abiatuko dira. Funikularreko begiratokian lehenengo geldialdia egingo dute. Elkarteko kideek Bilboko metropoliaren ezaugarri nagusiak eta proiektuak azalduko dizkiete parte-hartzaileei: geografia, herriak, portua, Supersurra, aireportua eta korridorea, besteak beste.
Bilbora funikularrez jaitsi eta itsasontzi bat hartuko dute Abandoibarran, itsasadarretik bidaiatxoa egiteko. Azalpenak Iñaki Uriarte arkitektoak emango ditu. Uriarte aditua da hirigintzan eta industria-ondarean. Bidaia Santurtzin amaituko da eta parte-hartzaileek euren kabuz egingo dute itzulera.
Txangoak 15 euro balio du; bost euro, 18 urtetik beherakoentzat. Izena emateko, telefono hauetara deitu behar da: 650312780 eta 649455579.