Osa eta Amilibia, Lezamako lasterketaren irabazleak

Aikor aldizkaria 2009ko ira. 2a, 14:58

Joan den domekan “Lezamako Mugetatik” mendi lasterketa egin zen laugarren aldiz. Gizonezkoen kategorian, Aitor Osa Itziarko txirrindulari ohia nabarmendu zen probaren hasiera-hasieratik eta lehena izan zen helmugara heltzen. Osak hiru minutu baino gehiagoko aldea atera zion bigarren sailkatuari, Arabako Jose Felipe Larrazabali, eta marka hau egin zuen: 1h, 46min eta 6s. Gustabo Landabarri iazko edizioaren txapelduna seigarrena lotu zen (1h, 56min eta 33s). Beste alde batetik, Aiako Nerea Amilibiak irabazi zuen emakumezkoen kategoria (2h, 12min eta 52s), eta Maitane Txueka bigarrena izan zen (2h, 21min eta 35s). Alberto “Naparrilla” Perez eta Loli Benitez gailendu ziren beteranoen kategorian. Unai Bilbao (2h, 08min eta 39s) eta Alaitz Barrena (2h, 45min eta 31s) “Lezama” kategoriaren irabazleak izan ziren. Proba goizeko 10etan hasi zen eta parte-hartzaileek eguzkiari eta hezetasunari egin behar izan zieten aurre. Ibilbidearen zatirik gogorrena Ganguren mendiko aldapetan izan zen, korrikalariek 400 metroko desnibela gainditu behar izan baitzuten. Lasterketan 200 lagunek eman zuten izena eta helmugara horietako 154 ailegatu ziren. Euskal Herriko korrikalariez aparte, Madril, Asturias, Kantabria, Burgos, Errioxa eta Kataluniatik etorritako lagunak izan ziren parte-hartzaileen artean. Baita britainiar bat ere. 70 boluntario, lanean Lasterketarekin batera mendi martxa ere egin zen, eta bertan 500 bat mendizalek hartu zuten parte. Korrikalari eta ibiltari batzuek lesio arinak izan zituzten eta osasun-zerbitzuetara jo behar izan zuten. Hala ere, Juanjo Igarzabal Zumarragako korrikalari ospetsuak zaintiratua eduki zuen belaunean eta lasterketa utzi behar izan zuen, hirugarren postuan zihoala. Galdakaoko ospitalera eraman zuten. Goiz osoan zehar giro ezin hobea izan zen eta ekitaldiari amaiera emateko, antolatzaileek piperrada eskaini zuten Lezamako plazan. “Lezamako Mugetatik” mendi lasterketa/martxa herriko elkarte hauek antolatu dute: Ekidazu, Oxangoiti, Zorrizketan, Gurasoen Elkartea, Lezama Bizirik eta Basobaltz eta Goitioltzako jai-batzordeak. Era berean, laguntza jaso dute Arroeta, Ganguren eta Menditarrak mendi taldeetatik. Aurtengo edizioa erabat arrakastatsua izan da eta elkarteok pozik azaldu dira lortutako emaitzarekin. “Batez ere, eskerrak eman nahi dizkiegu lanean buru-belarri eta musu truk ibili diren 70 boluntariori. Eta oro har, parte-hartzaile, auzokide eta babesleei”.