Bide-sareak eta argiztapena, lezamarrak gehien kezkatzen dituzten gaien artean

Aikor aldizkaria 2010ko ots. 22a, 14:11

Lezamako Udalak bilerak egin ditu herritarrekin, horien kezkak, kexak eta iritziak ezagutzeko. Horrezaz gainera, lezamarrek udal telefono eta helbide elektronikoaren bitartez ere izan dute euren iradokizunak Udalari helarazteko aukera. Udaletik jakinarazitakoaren arabera, herritarrak gehien kezkatzen dituzten gaien artean hauexek daude: bide-sareak, argiztapena, garbiketa eta estolderia. Ekarpenak aztertu ondoren, hainbat lan egin dira. Esate baterako, arekak garbitu dituzte eta leku ilunak argiztatu dira. Beste alde batetik, ur-sarea eta zenbait lekutako estolderia hobetu egingo dira aurten. Udaletik azaldu bezala, udal eremutik kanpoko gaiak ere aipatu dira bileretan: ibaien garbiketa, baso-errepideak, abiadura-kontrolak eta trenbide-sare, besteak beste. Horiei dagokienez, “Udalak beharrezkoak diren izapideak egingo ditu erakunde eskudunen aurrean”.