Estolda eta hornidurako sareak konponduko dira Lezaman

Aikor aldizkaria 2010ko mar. 15a, 15:40

Lezamako Udalak 264.106 euro jaso ditu Tokiko Enplegu eta Iraunkortasunerako Estatuko Funtsetik. Diru-kopuru horren zati bat, 107.296 euro, Aretxabaletatik Isuzkitzara bitarteko hornidurako sarea konpontzeko erabiliko da Aretxalde auzoan. Izan ere, bertako hodiak zuntz-zementuzkoak dira eta material hori ez da gomendagarria giza kontsumorako hodietan. Gainera, erresistentzia txikiko materiala da. Aurreikusitakoaren arabera, lanak maiatzaren amaieran hasi eta uda amaieran amaituko dira. Beste zatia, 156.744 euro, herriko zenbait lekutako estolda-sarea berritzeko erabiliko da. Lanak batez ere Garaioltza auzoan izango dira. Besteak beste, hango estolda-sareak eta euri-uren sareak optimizatu eta bilketarako obra osagarriak egingo dira, instalazioen eta eraikinen egoera hobetzeko. Horrela, euriteen eraginez izaten diren uholdeak saihestuko dira. Lanok apiriletik uztailara bitartean egingo dira, eta gutxienez Lezamako langabetu bat kontratatuko da bertan aritzeko.