Urriaren 3an Nekazaritza Azoka antolatu zen bigarren aldiz Lezaman. Antolatzaileak pozik agertu ziren, salmentak onak izan zirelako eta bertan jendetza (2.500 lagun) bildu zelako. Hain arrakastatsua izan zen azoka, ezen ordutegia luzatu egin baitzen: hasieran 11:00etatik 15:00tara bitarteko iraupena izan behar izan zuen azokak, baina postuak 17:00ak arte egon ziren zabalik.
Ekitaldiei dagokienez, odolosteak dastatzeko aukera izan zuten azokara joan zirenek. Guztira, 500 pintxo baino gehiago saldu ziren eta odolostea agortu egin zen. Gainera, orotara 200 edalontzi erosi zituzten bisitariek. Beste alde batetik, animaliak jarri ziren erakusgai eta batzuk oso bitxiak izan ziren: gameluak, zebrak edo llamak, besteak beste.
Egun ederra izan bazen ere, haizea jaia hondatzeko zorian egon zen. Izan ere, haize-bolada handi batek puzgarri bat altxatu eta beste leku batera eraman zuen. Horren ondorioz, emakume batek eta ume bik hartu zuten mina. Hirurak Gurutzetako ospitalera eraman zituzten, baina zorionez, zauriak ez ziren larriak izan. Hala ere, umeetako batek ospitalean jarraitzen du, hanka apurtu eta ebakuntza egin diotelako.