Lezamako liburutegiak urteak daroaz Liburu azokea antolatzen. Handik azaldu deuskuenez, urtero material asko dabe sobran, besteak beste, liburu barriak erosi dabezalako, horreetako batzuk errepikauta dagozalako edo zahar lotu diralako. Material hori salgai jarten dabe, eta herritarrei liburuak-eta oso prezio merkean erosteko aukera emoten deutsee. Arrakasta handia dauan ekimena da, izan be, eleberriak, entziklopediak, dvdak, ipuinak... etxera euro baten edo biren truke eroan daikiez liburutegiraino hurbiltzen diranek. Liburu Azokea abenduaren 13tik 17ra bitartean, arratsaldez, egongo da zabalik aurton. Gainera, azokearen barruan ekitaldi bi egingo dira umeengan irakurtzeko zaletasuna bultzatzeko. Horrela, bada, Lur Korta ipuin kontalaria liburutegian egongo da abenduaren 14an, arratsaldeko 6:30ean, eta Antton Irusta idazleak saioa eskainiko dau abenduaren 15ean, arratsaldeko 6etan.