Hilerriko kapera eraberritzen dabiltza Lezaman

Aikor aldizkaria 2010ko abe. 17a, 15:17

Otsailean izandako ziklogenesiak kalteak sortu zituen Lezamako hilerriko kaperaren teilatuan, eta handik hona hainbat arazo antzeman dira. Horrela, bada, itoginak eta hezetasuna daude eraikinean, eta teila batzuk mugitu egin dira. Era berean, kalteak ere badaude egurrezko egituran eta, ondorioz, teilatua eraits liteke. Udalak eraikina eraberritzeko lanei ekin die eta, besteak beste, teilak eta egurrezko latak kendu eta egur berria ipiniko da. Horrezaz gainera, iragazgaizte lanak egingo dira eta zeramika mistoko teila gorri berriak jarriko dira. Teilatu-hodiak eta aluminiozko zorrotenak ere ipiniko dira, euri-urak jasotzeko. Lanetan 56.000 euro inbertituko dira. Bizkaiko Foru Aldundiak %90a ordainduko du eta Udalak, gainontzekoa. Lanak urtarrilaren amaierako amaituta egotea espero da.