Ekidazu abesbatza, Parisera kantari

Aikor aldizkaria 2010ko abe. 17a, 15:21

Testua: Jabi Agirre

UNESCOk Nazioarteko Festibala antolatu du datorren urterako Parisen, eta Ekidazu Lezamako abesbatzak bertan parte hartzeko gonbidapena jaso du. Festibala hamazazpigarren aldiz egingo da. Ekidazuk saio bi emango ditu. Lehenengoa urtarrilaren 28an, barikuan, izango da, Festibalaren haritik egingo den lehen kantaldian; eta bigarrena, hurrengo egunean, UNESCOren jauregian egongo den kantaldi nagusian. Korukideak gogotik dabiltza Parisen eskainiko duten errepertorioa entseatzen, eta abesti gehienak euskarazkoak izango dira. “Gonbidapenean horrela adierazi zigutelako. Jo ta ke gabiltza abestiok prestatzen, eta iaz ezagutu genituen Bilboko eta Zornotzako abeslari batzuk ere tarteko dira entseguetan, elkarrekin taldea osotzeko”. Abesbatza urtarrilaren 27an aterako da Lezamatik, eta bidaia autobusez zein trenez egingo dute. “Diru-laguntza eskatu dugu zenbait erakundetan, baina, arrazoi ezberdinegatik, erantzunak ezezkoak izan dira”. Urtarrilaren 30ean Lezamarantz abiatuko dira eta itzultzean, nazioarteko topaketen berri emango digute.