Jostailu zaharren bilketa, Lezaman

Aikor aldizkaria 2011ko urt. 10a, 11:48

Olentzerok jostailu asko uzten ditu urtero Euskal Herriko etxeetan eta, jostailu berriei lekua egiteko, zaharrak gorde edo zakarrontzira botatzen ditugu askotan. Hala ere, jostailu zaharrak izateak ez du esan nahi apurtuta daudenik edo beste ume batzuek ezin dituztenik erabili. Lezamako ludotekak aukera ematen die herriko umeei, erabiltzen ez dituzten jostailuak, puzzleak, jokoak... bertara eramateko. Gainera, jostailuak 10 urtetik 13 urtera bitarteko umeei zuzenduta badaude, horiek Gaztegunean utz daitezke. Ekimenak ludoteka zein Gaztegunearen erabiltzaileek jostailuez gozatzea du helburu, eta arduradunek eskatzen duten baldintza bakarra jostailuok egoera onean izatea da. Jostailuak astelehenetatik eguenetara, 17:30etik 19:30era, eraman daitezke ludotekara, eta barikuetan, 17:30etik 20:00etara.