Baserriak bisitatuko dituzte Lezama Bizirik elkartearen Egunean

Aikor aldizkaria 2011ko mar. 4a, 10:41

Martxoaren 12an Lezama Bizirik auzo elkartearen Eguna ospatuko dute. Egun horretarako bisitaldia antolatu dute herriko baserri biren nekazal instalazioak ikusteko: Basabilbaso Berri eta Olabarri. “Baserriek eta baserritarrek Lezaman izan duten eta gaur egun ere duten garrantzia baloratu nahi dugu. Baserritarrak gure lurraren eta ingurugiroaren ezinbesteko babesleak ditugu. Hainbat oztopo gainditu behar dutela eta erakundeetatik jasotako laguntzak, benetakoak barik, itxurazkoak direla, neurri bako garapenak dakarren lur suntsitzeari egiten diote aurre, eta, hein batean, eurak dira gure herriko nortasuna eta kulturaren jagoleak”, aipatu dute. Bisitaldiak baserritarrei babesa eskaintzea eta euren bizimodua hobeto ezagutzea du helburu. Goizeko 10:30ean udaletxeko plazatik atera eta ibilbide hau egingo dute: Bolalekua, Garaioltza eta Goitioltza batzen duen andabidea, Errotabarri baserria eta Olabarri baserria. Azken baserri honetan, besteak beste, baratzak, negutegiak eta instalazio hidroponikoak bisitatuko dituzte. Ostean, Basabilbaso Berri baserriraino (Sat Legu) hurbilduko dira eta hango instalazioak ezagutzeko aukera izango dute, hainbat landare ezberdin ekoizten diren egutegiak, hain zuzen ere. Baserriak bisitatu ostean, Goitioltzako txokoan elkartuko dira eta han txakolinaren dastatzea izango dute. Eguerdiko 3etan bazkaria egingo dute, eta arratsaldeko 5etan, urteko batzar nagusia. Aurten 5 urte bete dira Lezama Bizirik auzo elkartea sortu zenetik.