Azken hilabeteotan gero eta lapurreta gehiago gertatu dira Lezaman. Hori dela-eta, Udala harremanetan jarri da Ertzaintzarekin, ertzain gehiago herritik ibiltzeko, batez ere herrigunetik urrunen dauden guneetan. Izan ere, horiek dira lapurtzeko lekurik errazenak.
Lapurretak baserri, trasteleku, jatetxe eta garajeetan egin dira. Horiek alarma soziala eta segurtasunik eza eragin dituzte. Lezamak ez dauka udaltzainik eta, horregatik, Udalarentzat funtsezkoa da Ertzaintzaren presentzia handiagoa ikustea herrian. Era berean, Lezamako Udalak eskaera egiten die herritarrei ardura handiz joka dezaten etxeetan, lokaletan, lonjetan eta abarretan.
Antza denez, lapurrek aurpegia estali barik jardun dute, eta euren burua zerbait (gasa, ur kontagailuak, argia, butanoa...) konpontzera etorriko balira moduan aurkezten zuten. Modus operandi horren aurrean, Udalak espero ez duten inori atea ez irekitzeko gomendatu du.