Txakolinaren Egunak 2.500 lagun bildu zituen domekan, Lezaman. Hilario Astorki plazan eta inguruetan 44 saltoki jarri ziren, eta ekoizleen artean eskualdeko zortzi txakolingile izan ziren. Euren salmenta-postuan Bizkaiko Txakolinaren 2010eko uzta dastatzeko aukera egon zen, eta oso prezio onean. Lau euroren truke txakolina edateko lau tiket eman zituzten antolatzaileek, baita azokaren kristalezko kopa ere. Txakolina egunaren protagonista nagusia izan arren, ohiko produktuak ere jarri ziren salgai azokan: taloa, euskal pastela, gazta, barazkiak eta frutak, banaka batzuk aipatzearren. Era berean, Luma Gorri oilasko pintxoak saldu ziren euro batean, eta umeei zuzendutako tailerrak antolatu ziren. Bestalde, Kurutze dantza taldeak dantzen agerraldia eskaini zuen, eta herriko elkarteek jendaurrean erakutsi zuten euren lana. Ibilaldia Bizkaiko ikastolen jaialdiaren ordezkariak ere Lezamaraino hurbildu ziren.
Zalantza barik, unerik hunkigarriena Máximo Agirre lezamarren eskutik etorri zen. Agirre Bizkaiko txakolingilerik entzutetsuenetariko bat izan da eta, bere ekoizpenaren kalitateari esker, 168 sari lortu ditu bere jarduera profesionalean zehar. Agirrek orain dela hiru urte hartu zuen erretiroa, eta Udalak eta azokan izan ziren txakolingileek omenaldia egin zioten bere lana eskertzeko. Lezamarrak plaka bat jaso zuen oroigarritzat. Ekitaldian Alaitz Etxeandia Lezamako alkateak eta Ikerne Zulueta Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Saileko zuzendariak hartu zuten parte.