Gaizka Peñafiel diskoa dabil prestatzen

Aikor aldizkaria 2011ko uzt. 7a, 14:30

Argazkia: Asier Olazar

Gaizka Peñafiel lezamarra buru-belarri dabil grabazio-estudioan. Izan ere, gaztea bakarlari moduan bere lehendabiziko lana izango dena ari da grabatzen. Diskoa udazkenean kaleratuko da eta hura 10 abestik osatuko dute. “Neuk egin ditut musika zein letrak. Auto-ekoizpena izango da. Ekoizpen orokorraz neu arduratuko naiz eta Asier Olazar edukiko dut laguntzaile. Asier Ercillak hartuko du ekoizpen musikalaren ardura”. Diskoan esperientzia handiko musikariek hartuko dute parte eta, besteak beste, instrumentu hauek joko dituzte: bateria, baxua, gitarra akustikoa eta elektrikoa, biolina, metal hirukotea, pianoa eta trikitia. Ahots nagusia Gaizkarena izango den arren, bizpahiru abeslarien kolaborazioak ere egongo dira. Lezamarrak azaldu digutenaren arabera, diskoa konturatu gabe etorri den proiektua da. “Aste Santuan gitarra hartu eta egun batetik bestera azaleratu ziren abestiak. Bat-batekoa denez, musika eta hitzak ere badira naturalak eta freskotasun hori da, hain zuzen ere, lanean islatu nahi duguna. Album landua izango da, baina ez hamaika aldiz mastekatua”. Diskoan hainbat musika estilo uztartuko ditu, hala nola, rocka, popa eta folka, eta hainbat gai ere jorratuko ditu abestietan. Diskoaren ekoizpen prozesua www.gaizkapenafiel.com webgunearen bitartez jarrai daiteke.