Atzo Nekazaritza Azoka egin zuten Lezaman hirugarren aldiz. Antolakuntzatik jakinarazi dutenaren arabera, ekimenean 1.700 lagun inguru batu ziren; joan den urteko edizioan baino lagun gutxiago. Bisitari-kopuruaren jaitsieran arrazoi bik eduki dute eragina, euren ustez. Alde batetik, atzo egin zuen eguraldi zoragarria, zeinak jendea beste motatako planak egitera animatu zuena; eta bestetik, Athletic eta Errealaren arteko derbya. Nolanahi ere, partidaren atsedenaldian zein hura bukatu ostean kalera atera ziren tabernetan zeuden zaletuak, eta jai-giroa nagusi izan zen Lezaman. Athleticen garaipena ospatzeko gogoa zegoen, eta azokak luzatu behar izan zuen ordutegia.
Udaletxearen atzealdean 40 postu ipini ziren eta, besteak beste, hauek egon ziren bertan salgai: fruta, gazta, txokolatea, kontserbak, euskal pastela, eztia eta barazkiak. Taloa, ogitartekoak eta pintxoak saltzen zituzten txosnak ere jarri ziren.
Txakolina produktu izarra da Lezaman, eta azokan herriko bost ekoizlek hartu zuten parte. Hala ere, txakolinarekin eta nekazaritzako produktuekin batera, produktu bi bultzatu ziren bereziki: txorizoa eta sagardoa. Udalak kupela handi bat jarri zuen eta lezamarrek zein bisitariek aukera izan zuten sagardoa doan dastatzeko. Orotara 150 litro sagardo edan zen. Era berean, 450 pintxo txorizo saldu ziren.
Umeentzako ekimenak ere egon ziren azokan; Gorriti eta bere animaliak, tartean. Eta herriko elkarteek ere izan zuten lekua han, euren jarduera jendaurrean ezagutzera emateko.