Lezamako Udalak herriko umeei eta gaztetxoei zuzendutako ekimena jarri du abian, Gizonen eta Emakumeen arteko Berdintasun Planaren haritik. Ekimenak horiek berdintasunaren gaineko hausnarketa egitea du helburu, eta kontzeptua barnera dezatela. Horretarako, gaia jorratzen duten hainbat liburu jarri ditu euren eskura, ludotekan, gaztegunean eta gaztelekuan. Era berean, hiru guneetako begiraleek liburuei lotutako ekintzak antolatuko dituzte, erabiltzaileen artean eztabaida eta ideien elkartrukatzea bultzatzeko. Orotara 35 liburu sartu dira ekimenaren barruan. Testu guztiek berdintasuna loturatzat eduki arren, beste gai batzuk ere jorratzen dituzte, umeek eta gaztetxoek aztertzeko interesgarriak direnak: emakumea eta feminismoa, senideen arteko harremanak, nortasunarekin zerikusia duten arazoak, konplexuak, sexua eta elkarlana, esate baterako.