Gailur Lezamako mendi taldeak ekimen bi antolatu ditu martxorako. Horrela, bada, martxoaren 11n irteera egingo dute El Caliz ferratara. Hura Ramales de la Victoria herrian, Kantabrian, dago eta azaldu dutenaren arabera, nahiko erreza da egiten. Hala ere, nahiago duenak paseoa eman dezake ferrataren gailurretik. Ostean, bazkaria egingo dute. Ekimenean parte hartu nahi duenak izena eman dezakete martxoaren 5era arte. Taldearekin bazkaltzeko asmoa dutenek 20 euro sartu behar dute kontu korronte honetan: 2095 0051 8838 30420083. Izen-abizenak ere adierazi beharko dituzte.
Bestetik, Joserra Alonso taldearen kideak Trekking al Aconcagua bideo emanaldia eskainiko du martxoaren 23an. Ekimena iluntzeko 8etan izango da Uribarri Topalekuan, eta Alonsok Hegoamerikako mendirik altuenean izandako bizipenak kontatuko ditu han.