Eguraldi kaskarra egon bazen ere, Txakolinaren Egunak aurreikuspenak bete eta oso arrakastatsua izan zen Lezaman. Ekimena joan den igandean egin zen, eta herrian jendetza handia batu zen. Orotara 42 salmenta-postu jarri ziren azokan eta horien artean, bertoko zazpi txakolingile izan ziren. Ekoizleek, bisitariek zein agintariek azpimarratu zuten txakolinaren kalitatea. Datu ofizialen arabera, 3.200 txartel saldu ziren; hau da, 3.200 kopa txakolin, 534 botila inguru. Eta datuoi ekoizle bakoitzak saldu zuena gehitu behar zaie, gainera.
Txakolinaz gainera, euskal nekazaritzako produktuak ere jarri ziren salgai eta ikusgai: ogia, euskal pastela, eztia, fruta, gazta eta barazkiak, besteak beste. Era berean, taloa eta ogitartekoak hartzeko txosnak jarri ziren eta tailerrak antolatu ziren. Herriko elkarte batzuek ere standa eduki zuten eta han eman zuten euren jarduera berri. Lezama Saretzen elkartekoek haragi-pintxoak jarri zituzten salgai eta, esandakoaren arabera, 1.300 pintxo saldu zituzten.
Bestetik, aipatu beharra dago Lezamako Udalak omenaldia egin ziola Iñaki Aretxabaleta herriko txakolingileari. Aretxabaletak barrikan hartzitutako txakolinak Urrezko Bachus saria jaso du aurten.