Auzo-bide baten suntsiketa salatu dute Lezaman

Aikor aldizkaria 2013ko eka. 24a, 09:15

Lezama Bizirik elkartetik jakinarazi duten moduan, salaketa bana ipini dute Lezamako Udalean eta Bizkaiko Foru Aldundian. Idazkietan, Ganguren mendiaren hegalean dauden auzo-bide publiko bat eta erreka batzuk suntsitu egin direla salatu dute. “Auzo-bidea eta errekak Udalarenak diren lurretan daude eta guneak babes berezia du, Onura Publikoko Mendia delako”. Elkarteak adierazitakoaren arabera, apirilean lanak hasi ziren bertako zuhaitzak bota eta handik eramateko. Makinak apirilean eta maiatzean ibili ziren lanean, euria ari zuen egunetan ere bai, eta ondorioz, “bidea eta ingurua suntsitu egin dira. Ebaketa sakonak daude eta erreka batzuen ubidea moztu egin da”. Bidea Lezamatik kilometro bira dago eta Kurutze auzoa eta Viveroko errepidean dagoen baso-etxea lotzen ditu. “Oso egoera onean zegoen eta ibiltariek, mendizaleek, txirrindulariek... asko erabiltzen zuten”.