Truke azoka, Lezaman

Aikor aldizkaria 2013ko urr. 29a, 12:49

Azaroaren 24an, Truke Azoka egingo da hirugarren aldiz Lezaman, hango Trukezaleak taldeak antolatuta. Azoka goizeko 11etatik arratsaldeko ordu-biak arte egongo da zabalik eta, eguraldiaren arabera, Lezamako pilotalekuan edo udaletxearen aurreko plazan ipiniko da. Ekitaldiak birziklatzea, murriztea edota berrerabiltzea ditu helburu nagusitzat, eta bertan tresnak zein zerbitzuak elkartrukatu ahalko dira. Bakoitzak ipiniko dio balioa aldatu nahi duenari, eta aldatzeko edo oparitzeko erabakia ere norberarena izango da. “Aurreko azoketan ikusi ditugun gauza arruntenak liburuak, arropa, etxeko tresnak, altzariak... izan dira. Baina edozein gauza alda dezakegula ekarri nahi dugu gogora: lanak, denbora, etxea... Umeek ere aukera edukiko dute beren trukeak egiteko: kromoak, joko elektronikoak, jolasak...”, esan digute antolatzaileek. Gainera, azpimarratu dute trukea eginez, alde batetik garapen iraunkorrago bat lortzen dela; eta bestetik, gizarte bihozberago bat. Informazio gehiagorako eta izena emateko, lezamakotrukezaleak@gmail.com helbidera agindu behar da mezu bat edo 94 455 41 17 telefono zenbakira deitu (Marisa).