Mendizaletasuna argazkitan

Aikor aldizkaria 2014ko urt. 17a, 12:47

Lezama Gailur mendi taldeak argazki lehiaketa antolatu du bigarren aldiz. Lehiaketan 18 urtetik gorako edozein bazkidek har dezake parte. Antolatzaileek kategoria bi bereizi dute: paisaiak eta erretratuak. Azkenei dagokienez, banakoak zein taldekoak izan ahalko dira. Lehiaketara, taldeak 20014. urtean zehar antolatuko diren ekintzetan ateratako argazkiak aurkeztu beharko dira. Lanak formatu digitalekoak izan beharko dira, bai zuri-beltzean, bai koloretan. Neurriak parte-hartzaileak berak aukeratu ahalko ditu eta argazki bakarra agindu ahalko da bazkideko, kategoriako eta irteerako edo ekintzako. Lanak mendi taldearen helbide elektronikora bidali beharko dira: gailurmt@euskaltel.net. Parte-hartzaileek hauek adierazi beharko dituzte: egilearen izen-abizenak, argazkia atera den ekintzaren data eta kategoria. Horrezaz gainera, mezuaren arrazoia zein den adierazi beharko da haren gaian. Lanak aurkezteko azken eguna abenduaren 15a izango da, baina aukera egongo da haiek ekintza bakoitzaren ostean agintzeko, edo epea amaitzen den baino lehen. Kategoria bakoitzeko sari bi emango dira: 75 euroko opari-txeke bana irabazleentzat eta 50 euroko opari-txeke bana bigarren tokian lotzen direnentzat. Epaimahaiak urteko batzarrean parte hartu ohi duten zazpi bazkidek osatuko dute, ausaz aukeratuko direnak. Mendi taldetik jakinarazi duten bezala, egitasmoa helburu bikoitza du: alde batetik, elkartearen argazki-artxibategia indartu, eguneratu eta sustatzea; eta bestetik, bazkideei eragingarri bat ematea, argazkien bidez mendi taldearen nondik norakoak, irteerak eta ekintzak isla ditzaten. “Azken batean, gure historia txikia da”. Ekintzak Eta argazki-kamerarekin lanean hasteko, hiru irteera antolatu dituzte otsailerako. Otsailaren 9an, ibilbidea egingo dute inguruko berdegunetatik. Ibilbidea Deustun hasiko dira. Handik Artxandara abiatuko dira, Avril menditik pasatuko dira eta, Done Jakue bidearekin bat eginez, Lezaman amaituko dira. Bestalde, otsailaren 16an Lunadara (Burgos) joango dira elurraz gozatzeko. Hau bazkideentzako eta familientzako irteera da eta bertan parte hartu nahi dutenek ahalik eta arinen eman behar dute izena. Azkenik, otsailaren 22an, Kantabriara egingo dute txangoa, Mozagroko mendigunera hain zuzen ere. Hitzordua goizeko 8:30ean ipini dute herriko plazan, lehenengo eta hirugarren irteeren kasuan; eta goizeko 9:30ean, Lezamako eskolan, elurretara joateko irteerari dagokionez. Irteerak doanekoak dira bazkideentzat eta guraso elkartekoentzat, baina bazkideak ez direnek 10 euro ordaindu beharko dute. Ekintzotan parte hartzeko, ezinbestekoa da elkarteak mendi-ibilbideen eta ekintzen haritik duen informazio-baimena onartzea. Hori facebook-ean duten profilean eskura daiteke, edo lehen aipatutako helbide elektronikora mezu bat aginduta.