Lezamako Gazte Asanbladak hitzaldi sorta bat antolatu du apirilaren 23tik maiatzaren 14ra bitartean. Orotara, lau hitzaldi eskainiko dira; guztiak, 18:00etan. Lehenengoa apirilaren 23an izango da Oxangoiti tabernan, eta bertan Paisos Catalansen ezker independentistaren rola askapen prozesuan aztertuko dute, Aldarricatuz plataformaren eskutik. Apirilaren 30ean, prozesu bolibartarra edukiko dute hizpide Grisson tabernan. Hitzaldia Askapenak eskainiko du. Azken hitzaldi biak Enaitz tabernan egingo dituzte. Maiatzaren 6an, Greziako gatazkaz arituko dira Komite internazionalistaren laguntzarekin; eta maiatzaren 14an, Asier Blas EHUko Politika-zientzietako irakasleak, besteak beste, udaberri arabiarra, Siriako gerra eta errefuxiatuen egoera jorratuko ditu.
Lezamako gazteek bigarrenez antolatu dituzte jardunaldi internazionalistak. “Formakuntza badauka lekua gure herrian. Eta hura desformalizatzeko, aurreko urtean bezala, tabernak kontrabotere gunea bihurtzea erabaki dugu. Elkartasuna herrien arteko samurtasuna izanik, guztioi egiten dizuegu Lezamara etortzeko gonbitea, hilabete internazionalistan parte hartzera. Formakuntza ez da soilik entzutea; beraz, ikasteko eta eztabaidatzeko gogoz etorri!”.