Batetik, Aimarrek eta Adrianek Bizkaiko txapelketa irabazi zuten binaka, kimu mailan. Txorierritarrak urrian hasi ziren lehian eta ligaxka bat gainditu behar izan zuten. Harrezkero, Zeanuri eta Zaratamo gainditu zituzten kanporaketetan, eta Urtuella, Barakaldon egindako finalean. Era berean, bikoteak trinketean ere jokatu zuen eta final erdietara heldu ziren.
Banaka, Adrianek Bizkaiko txapelketa ere irabazi zuen kimu mailan. Sondikoztarrak 18-1 irabazi zion Markinako Calvori. “Adrian oso mutil indartsua da, bere adinekoak baino indartsuagoa. Gainera, nagusiekin entrenatzen du eta horrek laguntzen dio, bere mailan, Bizkaiko onenenetarikoa izaten”, esan du Iker Urigoitia eskolako monitoreak.
Era berean, Lezama txapeldunordea izan da Herriarteko Txiki txapelketan. Finala Zaldibargo Olazar frontoian jokatu zen ekainean eta lezamarrek Zeanuri ganditu zuten finalerdian. Kimu mailan, Aimarrek eta Adrianek 18-1 irabazi zuten; eta haur mailan, 18-8 galdu zuten Ekaitz Legarretak eta Bittor Iruretagoienak. Hala ere, finala jokatzeko txartela lortu zuten etxekoen kontra. Finalean, lezamarrek 18-8 irabazi zuten kimu mailan, baina 18-5 galdu, haur mailan. Zaldibargoek puntuen alde handiagoa lortu zutenez, txapelketa irabazi zuten.
“Urtea oso polita izan da. Emaitzei dagokienez, argi dago txapela kentzeko denboraldia izan dela. Baina horretaz aparte, oso pozik gaude irabazi ez duten beste umeekin, aurten izugarrizko aurrerapausoa eman dutelako. Gazte berri batzuk sartu dira eskolan, guztiek entrenatzen dute gogor, eta horrek guztiak ilusioa ekartzen digu”, aipatu du monitoreak.