Lezamarrek zortzi euro ordaindu beharko dute lasterketan parte hartzeko; eta gainontzekoek, 14 euro (federatuak ez direnek, 19 euro). Lekurik egotekotan, egun berean, irten baino lehen, ere egongo da izena emateko aukera, 15 euroren truke (federatuak ez direnek, 20 euro). Antolatzaileek jakinarazi dute ordainketa irailaren 1ean baino lehenago egin behar dela.
Betiko moduan, saio bi egingo dira 28 kilometroko lasterketan: batetik, lasterketa bera, korrikalariei zuzenduta; bestetik, ibilbidea, edonork egin ahal duena. Lasterketaren ibilbidearen zailtasuna ertaina da, baina badauzka gogorrak diren tarte batzuk, batez ere Basobaltz basorako jaitsiera eta ibilbidea, Gangurenerako igoera eta Ugarterako jaitsiera. Parte-hartzaileen kopurua mugatu da: askoz jota, 300 lagunek hartuko dute parte lasterketan; eta 400ek, mendi martxan. Antolatzaileek Lezamako plazan jarriko dituzte irteera zein helmuga, baina mendi martxa egiten dutenak 8:00etan hasiko dira; lasterketari aurre egiten diotenak, aldiz, 9:30ean. Guztiek 14:30ean bukatuko dute.
Lezamako Mugetatik lasterketaren barruan, beste lasterketa berezi bat, Ganguren ziztu bizian, egingo da bigarren aldiz, iaz oso arrakastatsua izan zelako. Hori lasterketaren 17. kilometroan hasten da eta Lezamako Torretik Gangurengainaraino doa, azkar-azkar. Tarte horrek hiru kilometroko luzera eta 400 metroko desnibela du. Saio horretan Lezamako Mugetatik lasterketan apuntatuta dauden guztiek har dezakete parte.
Gainera, txikientzako ibilaldia ere antolatu da eta horrek luzera eta desnibel apala izango du. Horretan ez dago parte hartzaile-kopuruaren mugarik. Ume bakoitzak bost euro ordaindu beharko du. Antolatzaileek aurreikusi dutenaren arabera, txikiek 2,5 ordu emango dutela ibilaldi osoa egiteko. Irteera 10:00etan izango da, Lezamako plazan.
Sariak
Emakumeentzako zein gizonezkoentzako mailez gainera, lasterketan hiru kategoria egongo dira senior, beteranoak eta Lezama. Irabazle bakoitzak txapela bat eta Jesus Jauregi Lezamako eskultoreak egindako garaikurra jasoko ditu saritzat. Era berean, izen-ematea ordaindu eta ibilbide osoa egin duten guztiek jasoko dituzte sariak (kirol-arropa eta Lezamako produktu naturalak), lasterketan parte hartzeagatik. Gainera, Ganguren ziztu bizian tartea irabazten duena La Gilda del Norte saria jasoko du.
lasterketa@lezamakomugetatik.com
Txema: 650312784
Iñaki: 686415758