Izartu Lezama elkartea aurkeztu zen atzo

Bideoa: Gaizka PeƱafiel 2017ko ira. 8a, 09:28

Irailaren 22rako eta 23rako jaialdia antolatu dute Zamudioko Gure Esku Dago elkartearekin batera. Jaialdiaren bidez bat egingo dute Katalunian urriaren 1erako deitu den erreferendumarekin eta babesa adieraziko diete hango herritarrei. Besteak beste, mahai-ingurua, tailerrak, herri bazkaria eta kalejira egongo dira. 

 

Azaldu duten moduan, elkarteak lezamarrek euskaldunon estatus politikoari buruz duten iritzia ezagutzea du helburu. Eta horretarako, herri galdeketa egingo dute datorren udaberrian, Euskal Herriko hainbat udalerrirekin batera. Galdeketa Zamudion ere egingo da.

“Izartu Lezama herri ekimen bat da eta sinetsita gaude giltza herritarrongan dagoela”, esan dute. Hala, ekimenean parte hartzeko gonbitea luzatu zieten herritar guztiei, herritarren parte-hartzea eta ideiak ezinbestekoak jotzen dituztelako. Esandakoaren arabera, datozen hilabeteotan hainbat ekintza antolatuko dituzte, hala nola sinadura bilketa, hitzaldiak eta galdeketa eguneko galdera adostea.

Bestalde, eta Kataluniako erreferendumarekin bat eginez, irailaren 22an eta 23an jaialdia egingo dute zamudioztarrekin batera. Irailaren 23an, barikuan, mahai-ingurua egongo da 19:00etan, pilotalekuan. Bertan hauek hartuko dute parte: David Fernàndez (CUPeko ahalduna izan zena), Laura Mintegi eta Iñaki Zarraoa. Moderatzaile Ainhoa Larrabe kazetaria ibiliko da. Ondoren, kantaldia eskainiko dute Josu Bergarak eta Feliu Venturak. Hurrengo egunean, zapatuan, ekintzak egongo dira egun osoan zehar Zamudion. Hau da egun horretarako prestatu duten egitaraua:

12:00: Tailerrak, Kultura Etxean. Suzko deabruak “Diables”, La Gatzara kultur elkartearen eskutik (Manresa).

13:00: Kalejira.

15:00: Herri bazkaria. Bertsolariak eta Glosadorsak. (Txartelak Lezama eta Zamudioko denda eta tabernetan salgai).

18:30tik aurrera: La Gatzara Fot-li Foc: kalejira, suzko “Guita” eta erraldoiak, “Diables” koplatan, “Ball de Diables” suzko deabruen dantza.

Egun osoan zehar, Kataluniako eta Euskal Herriko musika.    

 

Izartu Lezama elkarteak 10 euroko laguntza-bonoak, orratzak eta Kataluniako olio ekologikoa ipini ditu salgai, galdeketa haritik datozen hilabeteotan edukiko dituzten gastuei aurre egin ahal izateko. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).