Emakume Master Cup txapelketa, Lezaman

Aikor aldizkaria 2017ko aza. 9a, 12:44

Lau t´erdiko eskuz banakako Laboral Kutxa Emakume Master Cup txapelketaren final-laurdenak Lezamako pilotalekuan jokatuko dira azaroaren 11n, zapatuan. Tamalez, jokalari txorierritarrak kanpoan gelditu ziren aurreko kanporaketan; beraz, ezin izango dira etxean lehian sartu. Hala ere, pilotazaleek aukera ezin hobea dute neska pilotaririk onenak zuzenean ikusteko. 

Jaialdia 10:30ean hasiko da. Elite mailan, Leire Garai gasteiztarrak Maite Ruiz de Larramendi eulatearraren kontra jokatuko du. Ondoren, kategoria bereko Maider Mendizabal anoetarra Olatz Ruiz de Larramendi eulatearraren kontra arituko da. Partida horien ostean, lehenengo mailako partiden txanda izango da, 12:00etatik aurrera. Horiek ligaxka moduan jokatuko dira. A multzoan, Ainhoa Urien abadiñoarra, Uxue Oses oñatiarra eta Ohiana Orbegozo azpeitiarra sartuko dira lehian; eta B multzoan, Eneritz Arrieta azkoitiarra, Uxue Zubizarreta bergararra eta Ohiana Unanue azpeitiarra.

Arratsaldean, 16:30ean hasiko dira berriro partidak. Elite mailan, Arrate Bergara bergararrak Leire Etxaniz etxebarritarraren kontra jokatuko du; eta Miriam Arrillaga zubietarrak, Maddi Mendizabal zaldibiarraren kontra. Bukatzeko, lehenengo mailako D multzoan, Maite Iriarte azpeitiarrak, Arruako Araitz Eizagirrek eta Maite Tolosa amezketarrak borrokatuko dute sailkapena lortzeko.