Ojuel-Gorrotxategi eta Carregal-Barturen, txapeldunak Lezaman

Aikor aldizkaria 2018ko mar. 5a, 12:22

Ojuel eta Gorrotxategi pilotariek Lezamako eskualde txapelketa irabazi zuten lehenengo mailan, barikuan, martxoaren 2an. Era berean, gazte mailan, Carregal eta Barturen bizkaitarrak izan ziren irabazleak.

“Oso txapelketa polita izan da, maila handikoa, eta antolatzaileok zein zaletuak poz-pozik gaude. Finalean, giro polita egon zen eta frontoia ia beteta egon zen”, esan digu Jaime Uriarte Lezamako Pilota Elkarteko presidenteak. Talde horrek txapelketa antolatzen du urtero, Lezamako Udalaren laguntzarekin. Aurten, 59. aldiz egin da txapelketa.

Ojuel eta Gorrotxategi hernaniarrak 22-12 irabazi zieten lehenengo mailako finala Exposito eta Aranguren usurbildarrei. “Aldea handia badirudi ere, partida orekatua izan zen. Txapeldunek eskarmentu handia dute eta horregatik nagusitu ziren. Izan ere, Gorrotxategi zaletu mailan dagoen atzelaririk onenetariko bat da. Eta txapelketaren jokalaririk onenaren saria ere irabazi zuen. Exposito eta Aranguren, aldiz, gazteak dira, 18-17 urtekoak, baina etorkizun handikoak. Aranguren, esate baterako, kontratua sinatu du Asegarce enpresarekin eta laster egingo du debuta profesional mailan”, esan digu Jaimek. Gazte mailako finalaren emaitza estuagoa izan zen. Carregalek eta Barturenek osatutako bikoteak 22-17 irabazi zien Picote III. eta Oliden pilotariei. Carregal fin ibili zen tantuak bukatzen eta bere kidea, oso seguru, atzeko aldean.

Txapelketaren kanporaketak azaroan hasi ziren eta horietan 32 bikotek hartu dute parte: 16k, lehenengo mailan; eta beste 16k, gazte mailan. Haien artean, lehenengo mailan, hiru txorierritarrek jokatu zuten: Edorta Bilbao zamudioztarra eta Txaber Zabala eta Iñigo Aurtenetxe lezamarrak. Txaber eta Iñigo lehenengo kanporaketan kaleratu zituzten, baina Edorta final-erdietara heldu zen, Elorrioko Igor Azpirirekin batera. Bikoteak 22-9 galdu zuen txapeldunen kontra, Ojuel eta Gorrotxategiren kontra.

Finaletan, antolatzaileek omenaldia egin zioten Koldo Alcibarri. “Pilotazale amorratua da eta astero-astero etortzen da Bilbotik Lezamara partidak ikustera. Garai batean, federazioan ibili zen, baina gaur egun, 87 urte dituela, zaletua baino ez da. Bere ibilbidea eta bere zaletasuna aintzat hartu nahi izan ditugu”, esan digute pilota elkartekoek.

 

Informazio osoa:

lezamakopelotakluba.eus 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).