Adrianek txarto hasi zuen finala, hasieran markagailua 1-3koa izan zen-eta. Hala ere, lasaitasunari eutsi zion eta buelta eman zion emaitzari. Azkenean, txorierritarra 18-11 nagusitu zen. Etxebarriak 5 tanto egin zituen sakez; eta Uriartek, 3. Ez da Uriartek irabazten duen lehenengo txapela, baina azken garaipen hori oso baliagarria da. Izan ere, aurkariak sondikoztarra baino urtebete nagusiagoak izan dira.
Era berean, Oier Hormaetxe lezamarrak Herrialdeen arteko Ortuellako Txapelketaren 44. edizioa irabazi zuen kadete mailan, Orozkoko Ioritz Arbaizarekin batera. Txapeldunak 22-20 nagusitu dira Lier Arrien eta Aimar Morgaetxebarria zornotzarren aurka. Finala maiatzaren 11n jokatu zen eta orekatua eta gogorra izan zen, aurkariak maila handiko pilotariak direlako.
Guztiak ez dira albiste onak izan denboraldiaren azken txanpa honetan Lezamako Pilota klubarentzat. Iñigo Aurtenetxek Bizkaiko Lau t´erdiko txapelketaren finala galdu zuen Derion, maiatzaren 13an. Lezamarrak 11-22 galdu zuen Jon Legorburu galdakaoztarraren kontra eta ezin izan zuen 2014an lortutako garaipena errepikatu.