600 kopa txakolin

a: Lezamako Udala 2018ko eka. 5a, 11:21

Ekainaren 3an, Lezamako Udalak Txakolinaren Eguna antolatu zuen 17. aldiz. Hori zela-eta, urtero moduan, giro polita egon zen herrian egun osoan zehar. Azokara hurbildu zirenek 2017ko uzta dastatzeko aukera izan zuten.

Horretarako, Txorierriko bost upeltegik –Garkalde, Magalarte, Basalbeiti, Erdikoetxe eta Larrabe– euren txakolina eskaini zuten. Guztira, 600 kopa saldu ziren. Gainera, Jagoba Zallo lezamarra aukeratu zuten txakolinaren enbaxadore. “Zenbait elkartetan egiten dut auzolana, ez dakit ezetz esaten (kar, kar). Egun polita bizi izan nuen, bero handia egin zuen eta txakolin asko edan genuen”, esan digu Jagobak. Enbaxadorea Aikor! aldizkarian ere ibiltzen da kolaboratzaile. 

“Auzolana egitea aintzat hartzekoa da. Eta lezamarra denez, enbaxadore aproposa iruditu zaie txakolingileei”, esan digu Jon Ander Aurrekoetxea alkateak. Alkatearen esanetan, iaz baino jende gehiago etorri zen Lezamara. “Eguraldi ona egin zuen eta ondorioz, jende pilo bat etorri zen. Eta ez bakarrik Lezama eta Txorierritik, kanpotik ere bai, eta hori oso pozgarria guretzat”.

Eguerdian ekitaldi nagusia egin zen, kortxoa ateratzea eta brindisa, eta ostean, Lezamako Ekidazu Abesbatza eta Bilboko Otxarkoaga Abesbatza aritu ziren. Ekitaldia Pedro Mari Goikoetxea kazetariak aurkeztu zuen. Horrekin batera, egitarau oparoa prestatu zen: kalejira eta dantzaldia, Kurutze Dantza taldearen eskutik; umeentzako tailerrak eta puzgarriak… Eusko Labeleko saihets-pintxoak dastatzea ere egin eta horretan 110 kilo jan ziren.

Jai-giro horretan Gure Esku Dago ekimeneko lagun batzuek giza kate txiki bat egin zuten, datorren asteburuan egingo dena iragarriko balu moduan. Era berean, 36 postuk bertoko produktuak eskaini zituzten (eztia, gazta, ogia eta euskal pastela, barazkiak, loreak, kontserbak, foie...). Eguna borobiltzeko, bazkaldu ostean erromeria egon zen Udaletxeko plazan.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).