Saharako itsasoa izeneko istorioak familia baten gorabeherak kontatzen ditu: gurasoak ez dira ondo konpontzen eta hausnarketarako beta hartuko dute udan, nork bere aldetik. Haizea alaba, berriz, izebarekin geratuko da, eta haiekin Souhailak, Tindufeko kanpamentuetan bizi den neska saharar batek, ere emango du uda. Epaimahaiak kontakizunaren samurtasuna eta sentimenduak abenturen artean txertatzeko abilezia azpimarratu ditu.
Lur Gallastegi Zendegi Bilbon jaio zen 1983an eta gaur egun Donostian bizi da. Itzulpengintzan lizentziatua da eta ingeleseko irakasle dabil. Liburu bi ditu argitaratuta: Uda bat Senegalen eta Limoiondoaren loreak.
Mikel Zarate lezamarra euskal kulturako sortzailea eta bultzatzailea izan zen, eta Lezamako Udalak eta Elkar argitaletxeak bere omenez sortu zuten Mikel Zarate saria. Sariketak helburu bikoitza du: alde batetik, haurrentzako irakurgai berriak sortzea; eta bestetik, idazleen lana bultzatzea. Sariketa bederatzigarren aldiz egin da aurten.