Lehenengo kategorian, Iker Echevarria basauriarra (02:13) eta María Zorroza gernikarra (02:28) izan ziren txapeldunak; beteranoen artean, Patxi Blanco zumaiarra eta Nuria Alvarez Zaramillokoa; eta Lezama kategorian, Isaac Perezek eta Ainara Navarrok.
Guztira 138 korrikalarik –gizonezkoek zein emakumezkoek– hartu zuten parte lasterketan. Gainera, “Ganguren ziztu bizian-La Gilda del Norte” saria ere antolatu zen laugarren aldiz. Hori Ganguren mendiko 3,5 kilometroko igoera azkarren igotzen duenak lortzen du, eta aurten lasterketaren txapeldun berberak izan dira, hau da, Iker Echevarria eta María Zorroza.
Beste alde batetik, lasterketarekin batera, Mendi Ibilaldia eta Txikien Ibilaldia ere egin ziren, eta horietan ia 400 lagunek hartu zuten parte. Goizean zehar eguraldi ona egin zuen eta, betiko moduan, giro ederra egon zen Lezaman. Antolatzaileek herri piperrada eta txakolina eskaini zituzten. Lasterketa antolatzeko, 60 lezamar aritu ziren, Mugetatik lezamar kirol klubarekin auzolanean.