Lezama Bizirik elkarteak Aldundira eta Eusko Jaurlaritzara eraman du taulen gaineko auzia

Aikor aldizkaria 2019ko ots. 12a, 11:28

Elkarteak adierazi duen moduan, idatzi bana aurkeztu dute Bizkaiko Foru Aldundian eta Eusko Jaurlaritzan, herrian ipinitako informazio-taulen berri emateko, eta, beharrezkotzat jotzen badute, neurriak har ditzaten.

Lezamako Udalak sei informazio-taula ipini ditu herrian; bakoitza leku esanguratsu batean: Kurtze ermitan, Andra Mari elizan, herriko plazan, Mikel Zarate plazan, Oxangoiti baserrian eta Athleticeko instalazioetarako sarbidean. Tauletako alde batean, lekuaren edo ondare-eraikinaren gaineko informazioa dago; eta beste aldean, Athletic Club futbol taldekoari buruzkoa. Azaldu dutenaren arabera, taula horiek bisitariak herrira erakartzeko jarri dira, eta, horretarako, hitzarmen bat egin da futbol-klubarekin.

Lezama Bizirik elkartearen ustez, hiru taula hauek ez dute Euskal Ondareari buruzko Legea betetzen: Andra Mari elizaren ondoan ipini dena, Kurtze ermitaren ondoan ipinitakoa eta Done Jakue bidean, Athleticeko instalazioetarako sarbidean, jarri dena. Gainera, uste dute leku horietako irisgarritasuna eta ikuspena oztopatzen dituztela. Horregatik eskatu diote Udalari taulak kentzeko, baina hark erantzun die taulak ez dituztela kenduko, “herriarentzat onak direlako”. Auzia Aldundira eta Eusko Jaurlaritzara eraman baino lehen, elkartea eta Udala bildu ziren euren iritziak eta jarrera partekatzeko. Elkartearen esanetan, “Udalekoek aitortu zuten ez ziotela inori baimena eskatu taulak jartzeko, baina esan zuten berehala eskatuko zutela. Era berean, mugitu behar badituzte horrela egingo dutela adierazi zuten, baina ez dituztela inolaz ere kenduko”. Jon Ander Aurrekoetxea Lezamako alkateak, bestalde, adierazi du aste honetan bertan aurkeztuko dutela eskaera formal bat Aldundian, taulak ontzat eman ditzaten. “Eta zerbait aldatu behar badugu, aldatuko dugu”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).