Mikel Zarate Haur Literaturako Saria antolatu da 10. aldiz

Aikor aldizkaria 2019ko ots. 28a, 11:02

Ohi bezala, lehiaketa Lezamako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatu dute, eta haurrentzako irakurgai berriak sortzea eta idazleen lana bultzatzea ditu helburu.

Sarira Lehen Hezkuntzako ikasleentzat (6-12 urte bitartekoentzat) euskaraz sortutako kontakizunak aurkeztu daitezke, jatorrizkoak, beste inondik moldatu gabeak eta aurretik saririk jaso edo argitaratu ez direnak. Lehiaketan 18 urtetik gorako lagunek hartu ahalko dute parte. Gutxienez 10 orrialdeko eta gehienez 50 orrialdeko lanak aurkeztu ahalko dira, Din-A4 formatuan eta tarte bikoitza utzita. Lanak maiatzaren 31ra arte bidali daitezke Lezamako Udaletxera (–Mikel Zarate Haur Literaturako Saria– Aretxalde 1, 48196 Le­zama). Hiru alde bidali beharko dira, agerian idaz­learen nortasuna azal­du barik, eta horiekin batera gutunazal txi­ki bat: kanpoan idazlanaren izenburua adie­raziko da; eta barruan, egilearen izen-deiturak, helbidea, telefonoa eta nor­tasun agiriaren fotokopia.

Epaimahaia Leire Bilbao, Miren Agur Meabe eta Xabier Mendiguren idazleek osatuko dute, eta erabakia hartzeko azken eguna ekainaren 30a izango da. Irabazleak 3.000 euroko saria jasoko du, eta Elkar argitaletxeak argitaratuko du eleberri edo ipuin saritua, saria jakinarazten denetik sei hileko epean, behar diren marrazkiez hornituta.  

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).