Patxuko Nicek barikuan joko du Lezaman, “Azken barikuak” kontzertu-sailaren haritik

a: Patxuko Nice 2019ko api. 24a, 11:36

Patxuko Nice Sergio Ordoñez irundarraren proiektua da, eta apirilaren 26an, 20:00etan, kontzertua eskainiko du Oxangoiti tabernan “Azken barikuak” kontzertu-sailaren barruan. Ordoñez musikari ibili da zenbait taldetan, hala nola Joxe Ripiau, The Solanos eta Esne Beltza.

“Azken barikuak” kontzertu-saila Oxangoiti Lezamako kultur elkarteak sustatu du. “Oxangoiti taberna da, eta taberna-kutsu horretan bakarrik ez geratzeko, ekintzak antolatu dira urteetan, esate baterako, hitzaldiak, erakusketak eta kontzertuak”, azaldu digute elkartekoek. “Azaroan kontzertu bat antolatu genuen Igor Urrutikoetxea Urruti-ren omenaldiaren harira, eta pentsatu genuen ideia ona izango litzatekeela data batzuk ipintzea eta hemendik udara bitartean musikaren bidez herriari ekarpena egitea”. Egitasmoa horrela jaio zen. Gainera, garai hartan Eusko Jaurlaritzak ikuskizun publikoak arautzen zituen araudi berria onartu zuen, eta horretan ezarri zen taberna batek urtean gehienez 12 kontzertu antolatu zitzakeela. “Azkenean atzera egin dute arauarekin, baina hori iragarri zutenean gu ere kontra agertu ginen, bidegabea zela pentsatzen genuelako, eta ekimena gure jarrera azaltzeko modua ere izan da”.

PPM Cover Sessions-ek hasiera eman zion kontzertu-sailari martxoan. “Ekintzak oso harrera ona izan du. Jende asko batu zen Oxangoiti tabernan, eta batzuk kalean ere izan ziren. Herriko jendea egon zen bertan eta oso pozik gaude”. Antolatzaileen esanetan, gehienbat kontzertu akustikoak eskainiko dira “Azken barikuak” ekimenaren barruan. “Kontzertuak udara arte izango dira, eta gero, irailean, ikusiko dugu egitasmoarekin aurrera jarraitzerik dagoen. Era berean, aztertuko dugu beste formaturen batekin ere saia gaitezkeen, adibidez, bakarrizketekin”. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).