Zergatik aurkeztuko zara berriro Lezamako alkate izateko?
Duela lau urte 15 lagunok hasi genuen proiektua amaitzeko: oraindik zenbait gauza geratzen zaizkigu garatzeko, Lezama eta gure herritarren bizitza hobetzeko.
Zeintzuk izango dira zure taldeak datozen lau urteotan garatuko dituen ildo nagusiak?
Guztion ongizatea bilatzen duten gizarte-politikei eustea. Euskararen erabilera lantzen eta bultzatzen jarraitzea. Lan egitea, industria sektoreaz gain lehen sektoreak ere hazten jarrai dezan, azken urteetan bezala: Lezaman leku nahikoa dugu beharrezkoak diren bi sektore horiek elkarrekin bizi daitezen. Lezama lezamarrekin batera urbanistikoki garatzea, bizitzeko leku erakargarria izan dadin eta gure gazteek, euren familia osatzeko, Lezaman geratzeko gogoa izan dezaten, guk egin genuen bezala. Lezama ezagutzera ematen duten ekimenak garatzea: gure herria, gure produktuak, gure ekoizleak, gure tokiko merkataritza eta gure gastronomia. Udaletxearen beheko solairua berritzea, txikienek eta euren familiek edo elkarteek urte osoan espazio ludikoak izan ditzaten. Kirola sustatzea gazte eta helduen artean, gimnasio berriarekin, ikastaroekin eta oinez egiteko ibilbideekin. Umeentzako parke estalia egitea, eguraldi txarra egiten duenean ere umeek eta euren familiek erabil ahal izan dezaten. Ekimen hori neska-mutilekin batera garatzea, azken horiek Umeen Kontseiluan parte hartuz. Era berean, akordioak bilatzen jarraituko dugu, udala osatzen duten talde politikoekin, BFArekin, Eusko Jaurlaritzarekin, Eusko Trenbide Sarearekin edo beste erakunde batzuekin, betiere akordio horiek onuragarriak badira Lezamarentzat.
Aurkeztu ondoan duzun lantaldea.
Hamabost lagunek osatzen dugun taldea gara, datozen lau urteotan Lezamaren eta lezamarren alde lan egiteko konpromisoa dugunok. Emakumeen eta gizonen talde bat gara, bizitza kalean egiten dugunak, herritarrekin harreman etengabean, euren kexa edo ekarpenen berri eman diezaguten. Oso ondo hartzen ditugu beti, horietatik asko ikasten delako. Prestakuntza eta ilusioa duen taldea gara, gaztetutakoa eta lan egiteko gogo handikoa.
Kargua berrestea lortzen baduzu, zer da egingo duzun lehenengo gauza?
Hori gertatzeko, ezer baino lehen, lezamarrek berriro ere euren konfiantza eman beharko digute datozen lau urteetarako, baina horrela bada, lehenengo egunetik jarriko gara lanean gure herritarrekin. Azken lau urte hauetan egin dugun bezala, esateko dutena entzunez udaletxean, kalean, tabernan, dendan, mendian... leku guztiak dira onak. Lana, lana eta lana. Apaltasunez eta zintzotasunez lan egingo dugu lezamar guztientzat.