Kurutze dantza taldea 11:30ean irtengo da kalejiran, eta umeek dantza-saioa eskainiko dute 11:45ean, pilotalekuan. Azokari 13:00etan emango diote hasiera ofiziala: kortxoa aterako da, brindisa egingo da eta Lezamako txakolinaren enbaxadorea izendatuko da. Horrezaz gainera, oroitzapenezko plaka emango diete Jose Antonio eta Pedro Mari Dañobeitiari, eta Ekidazu abesbatza arituko da. Bertso saioa ere izango da Anjel Mari Peñagarikanorekin. Aurkezpena Pedro Mari Goikoetxea kazetariak egingo du.
Musika-giroa egongo da goizean zehar, eta 12:30etik aurrera Basatxerri-Eusko Labeleko solomo errearen pintxoak dastatu ahalko dira. Bestalde, tailerrak antolatuko dira lau urtetik 12 urtera bitarteko umeentzat; eta puzgarriak, txikienentzat. Azkenik, erromeria egongo da plazan 15:00etatik 17:00etara. Txakolinaren eguna Lezamako Udalak antolatzen du urtero.