Betiko moduan, hiru saio egingo dira: lasterketa, mendi ibilaldia eta txikien ibilaldia. Gainera, lehenengoaren barruan beste lasterketa berezi bat, Ganguren ziztu bizian, egingo da bosgarren aldiz. Tarte horrek hiru kilometro eta erdiko luzera eta 400 metroko desnibela izango du; lasterketaren 13,5 kilometroan hasiko da, Lezamako Dorrearen inguruan, eta Gangureganan amaituko da. Lasterketan hiru kategoria egongo dira: senior, beteranoak eta Lezama, bai emakumezkoen mailan, bai gizonezkoen mailan.
Ibilaldia 8:00etan hasiko da; eta lasterketa eta txikien ibilaldia, 09:30ean. Umeek ordu bi eta erdi emango dute ibilbidea osatzeko, eta haur bakoitzarekin batera nagusi batek joan beharko du. Antolatzaileek egun horretan giro ederra egotea espero dute.
Prezioak
Abuztuaren 30a baino lehenago ordainduz gero, ibilaldian edo lasterketan izena emateak 14 euro balio du; 15 euro, lasterketaren egun berean ordaintzen bada. Hala ere, federatuta ez daudenek 19 ordainduko dute abuztuaren 30era arte; eta 20 euro, irailaren 1ean. Lezamarrek, aldiz, zortzi euro ordainduko dute; eta umeek, bost euro.
Parte-hartzaileek kamiseta bana jasoko dute izen-ematearen truke. Era berean, ibilbide osoa egiten duten kirolzaleek zenbait sari lortuko dituzte parte-hartze hutsagatik: kirol arropa eta Lezamako produktu naturalak, hain zuzen ere. Gainera, lehenengo sailkatuek txapela eta Jesus Jauregi eskultore lezamarraren eskultura-garaikurra jasoko dituzte. Ganguren ziztu bizian lasterketaren txapeldunek ere lortuko dute garaikurra.