Lezamarrak, infernu handian

a: Herri txiki, infernu handi saioa 2019ko urr. 7a, 10:05

Herri txiki infernu handi ETB-1 kateko saioa berriro izan dugu Txorierrin. Duela hiru urte Larrabetzu ezagutu zuten; iaz, Zamudio; eta aurten, Lezama. Azken asteotan elkarrizketak grabatzen ibili dira eta saioa urriaren 10ean, 20:00etan, Lezamako frontoian grabatuko da. Sarrera doakoa izango da.   

“Udan, ETBkoak harremanetan jarri ziren udalarekin, saioa herrian egingo zutela jakinarazteko. Guk izen batzuk proposatu genizkien, Lezamako lagun xelebreak, eurak elkarrizketatzeko”, esan digute Lezamako Udalekoek. Zenbait lezamarrek hartu dute parte saioan: Andoni Aretxaga baserritarra, Josune Dañobeitia janari-dendakoa, Carmen Bilbao eta Carmen Urrutikoetxea adintsuak, Ugaitz Basaras rally-gidari zaletua, Eduardo Azurmendi perretxiko zalea…    

Herri txiki infernu handi saioak Euskal Herriko herri txikiak bisitatzen ditu, Mikel Pagadi eta Zuhaitz Gurrutxagaren eskutik, eta horiek “Herri txiki, infernu handi” esaera zaharra hankaz gora jartzea dute helburu. Zenbait herritar elkarrizketatu ostean, izandako esperientziari buruzko bakarrizketa egiten dute euren aurrean.