Ehunka lagunek elkartasuna adierazi diote eraso matxista jasandako lezamarra

a: Moreak 2019ko urr. 25a, 12:24

“Ez Lezaman, ez inon; indarkeria matxistarik ez” lelopean, eguazten iluntzean ehunaka lezamar batu ziren herriko plazan. Joan den astean, herriko emakume batek erasoa jasan zuen, eta erasotzailea bere bikotekidea izan zen. Moreak herriko talde feministak elkarretaratzera deitu zuen emakumeari elkartasuna eta babesa adierazteko. Lezamako Udalak bat egin zuen deiarekin.

“Argi daukagu ez dela ez gertakari isolatua, ez pertsonala; ezta etxeko arazoa ere. Jendartean indarrean dagoen sistema patriarkalean oinarritutako indarkeria da; edozein emakumek sufritu ahal duen arazoa da, eta, zoritzarrez, askok emakume izate hutsagatik jasaten dute”, esan zuten Moreak taldekoek. “Modu normalizatuan eta hainbat eratan gertatzen den indarkeria da, gizartearen eredu sexista eta emakumeen eta gizonen arteko harreman ez parekideak bultzatzeko. Horrek jendartearen salaketa eta gaitzespen irmoa behar du, jarrera matxista bortitzak errepikatu ez daitezen”. Horri lotuta, azpimarratu zuten emakume lezamarren ausardia, erasoa salatu zuen eta.

Bestalde, aldarrikatu zuten erasotua babestu barik erasotzailea kontrolatu behar dela. “Horrela, aukera gehiago dago erasotzailea kontrolatzen dela ziurtatzeko eta erasotuaren bizitza normalizatzeko, azken horri mugak eta kontrolak ipini gabe. Nazkatuta gaude; ez dugu erasotzailerik nahi ez gure herrian, ez inon”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).