Zubizarreta-Uriondo eta Aristegi-Gartzia bikoteek irabazi dute Lezamako Eskualde Txapelketa

Aikor aldizkaria 2020ko mar. 2a, 10:38

Eskualde Pilota Txapelketaren finalak otsailaren 28an jokatu ziren. Lehenengo mailan, Zubizarreta ataundarrak eta Uriondo gizaburuagarrak 22 eta 11 irabazi zieten Etxebarria nabarniztarrari eta Arrese lemoarrari. Lezamako txapelketa 61. aldiz egin da aurten eta, betiko moduan, bertan pilotari zaletuek hartu dute parte. Hala ere, irabazleak laster izango dira profesionalak: esate baterako, Iraitz Zubizarretak maiatzaren 8an egingo du debuta Baiko enpresan.

Iraitz Zubizarreta eta Endika Uriondo, beraz, argi eta garbi nagusitu ziren. Hasieran, aldiz, partida orekatua izan zen. Etxebarriak eta Arresek lan bikaina egin zuten defentsan, baina kostatu zitzaien puntuak bukatzea. Gainera, partidak aurrera egin zuenean, nekatuta agertu ziren. Hori Zubizarretak eta Uriondok aprobetxatu zuten aldea handitzeko eta, azken batean, txapela janzteko.  

Promesa mailan, Aristegi baztandarrak eta Gartzia bergararrak 22 eta 18 irabazi zieten Alberdi II.a azpeitiarrari eta Etxebarria albizturtarrari. Irabazleak helduagoak dira eta hori agerian utzi zuten kantxan. Gogor hasi zuten partida eta markagailua bere alde jarri zuten hasieran. Alberdi II.ak eta Etxebarriak defentsari ekin zioten aldea murrizteko, baina azkenean ezin izan zuten partida irabazi.  

 

Azketa eta Hormaetxe

Txapelketa Lezamako Pilota Elkarteak antolatzen du eta poz-pozik agertu da aurten. “Frontoia jendez gainezka zegoen; giro polita egon zen”, esan du Juan Mari Dañobeitia kideak. Beste pilotari bi dira aipatzekoak. Bata Beñat Azketa da. Antolatzaileen ustez, txapelketaren pilotaririk onena izan zen, nahiz eta finala ez jokatu. Bestea Oier Hormaetxe lezamarra da. Gazteak finalerdian galdu zuen Alberdiren eta Etxebarriaren kontra, baina etorkizun handiko pilotaria da. “Oraindik 18 urte ditu, gaztea da. Gogortu behar du profesional mailara heldu nahi badu, gazte mailatik salto handia dagoelako. Baina ona da”, adierazi digu Dañobeitiak.  

Finalean, antolatzaileek omenaldi txiki bat egin zioten Juan Mari Castillo pilotari ohiari. “Juan Mari astero etortzen da Etxebarriatik partidak ikustera. Eta otsailaren 14an auto-istripua izan zuen etxera bidean, Lezaman egon eta gero. Ospitalean dago eta laster osatzea espero dugu”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).