Lezamako liburutegia astelehenean zabalduko da

a: Lezamako Udala 2020ko eka. 5a, 13:41

Adierazi dutenez, liburutegia ekainaren 8tik uztailaren 30era arte zabalduko da liburuak itzultzeko eta aurretik eskatzen diren liburu-maileguak hartzeko. Ordutegia hau izango da: astelehenetik barikura, 16:00etatik 19:00etara. Erabiltzaileek maskara erabili beharko dute, eta seinaleak eta langileen jarraibideak errespetatu. Hamalau urtetik beherako umeak eta mendekotasuna dutenak lagunduta joan ahalko dira.  

 

Bestalde, azaldu dute itzultzen diren liburuak-eta 15 egunean koarentenan egongo direla, berriro maileguz eman baino lehen. Gainera, koarentena pasatu arte ez da sistema informatikoan aldaketarik egingo eta horregatik maileguz hartu duen azken pertsonaren izena agertuko da, “baina horrek ez du isunik eragingo eta liburu-mailegu berriak egin ahalko dira. Eskaerak telefonoz (944 556 126) edo korreo elektronikoz (lezamakoliburutegia@gmail.com) egin ahalko dira. Eskatutakoa eskuragarri ez balego, liburutegiko arduradunak harremanetan jarriko lirateke eskatzailearekin.