Meabek Itsasoren atea eleberrian kontatzen duen istorioak XIX. mendera eramango du irakurlea, Atlantikoan dagoen île Cormoran edo Ubarroien uharte asmaturiko batera, eta hor hainbat abentura izango dira: amodio-debekuak, pasadizo sekretuak, ihes egindako espetxeratuak, gorrotoak, misterioak… “Kontakizunaren hari guztiak bikain josteko abilezia azpimarratu du epaimahaiak, eta hizkuntza joria, dotorea eta adierazkorra”, adierazi du Elkar argitaletxeak.
Mikel Zarate haur-literatura saria Lezamako Udalak eta Elkar argitaletxeak sortu zuten, euskal kulturaren sortzaile eta bultzatzaile handia izan zen Mikel Zarateren omenez. Aurten lehiaketaren hamaikagarren edizioa izan da eta 22 lan aurkeztu dira.