Azken hilabeteotan palaren lehia erabat gelditu da eta horrek atzeratu du del Rioren debuta. “Txapelketa hasteko irrikan nago, eta Esteban Gaubekarekin jokatzea zoragarria da. Espero dut bikote polita osatzea eta gutxienez finalerdietarako sailkapena lortzea”, adierazi zuen aurkezpenean. “Ikusi dudanaren arabera, pilotari ona da: bata bestearen osagarria izango gara”, esan zuen Gaubekak lezamarrari buruz. Lehenengo partida Necolen eta Gordonen kontra jokatuko dute zapatuan, azaroaren 7an, 18.00etan, Bizkaia frontoian, Bilbon.
Hauek dira beste hiru bikoteak: Garate-Ibai Perez, Fusto-Urrutia eta Ibarguren-Ibargarai. Txapelketa ligaxka izango da, hau da, bikote guztiek elkarren kontra bi aldiz jokatuko dute. Hori bukatutakoan, lehenengoak finala jokatuko du urtarrilaren 9an, Bilbon. Beste finalista erabakitzeko, ligaxkako bigarrenak eta hirugarrenak elkarren kontra jokatuko dute urtarrilaren 2an.
Innpala enpresa antolatzaileak ez die pilotariei partidak min hartzeagatik atzeratzeko aukerarik emango, baina data libreak baleude eta jokalariren bat koronabirusarekin kutsatuz gero, partidak atzeratzea aztertuko lukete. Partida guztiak streaming-en bidez jarriko dira ikusgai, bai Innpalaren kanalean, bai Bizkaia Frontoiarenean.