Lezamak gizarte-zerbitzuen eta laguntzen aldeko apustuari eutsiko dio

Aikor aldizkaria 2021ko api. 15a, 10:44

Lezamako Udalak 2.644.635 euroko aurrekontua onartu du 2021erako, iaz baino % 11 gutxiago, “COVID-19ak ekarri baitu diru-sarrerek eta Udalkutxaren ekarpenak behera egitea; azken hori % 12 gutxitu da”, azaldu dute prentsa-ohar baten bidez. Nolanahi ere, udalak ziurtatu du herritarren ongizatearen aldeko apustua egiten jarraituko duela eta 250.000 eurotik gora bideratuko dituela gizarte-zerbitzuetara eta pertsonen eta establezimenduen beharrizanak betetzen laguntzera.

“Pandemiak eragindako egoera zail batean gaude eta gure lehentasuna da herritarren beharrizanei erantzutea”, esan du Jon Ander Aurrekoetxea Lezamako alkateak. Horren harira, “udalak bere horretan utzi ditu udal-tasak eta –zergak eta zabor-tasen hobariak ezarri ditu merkataritza- eta ostalaritza-establezimenduetarako”.

Herria hobetzeko inbertsioei dagokienez, udalak aurreko urteetako soberakina baliatuko du hainbat lan egiteko. Jakinarazitakoaren arabera, 390.764 euro erabiliko dituzte, besteak beste, Aretxalde auzoko gune batzuetan ur-sistemari lotutako hobekuntzak egiteko eta frontoiko goiko aldea eta udaletxeko beheko aldea konpontzeko. Bestalde, 600.000 euro baino gehiago bideratuko dituzte herriko kaleak hobetzeko, hala nola errepideak asfaltatzeko eta argiztapena hobetzeko. Udal-artxiboak eta espedienteak digitalizatzeko asmoa ere badute, eta Goiko Taberna udal-eraikinean lanak egin.