Lezamak urriaren 3an ospatuko du Txakolinaren Eguna

Aikor aldizkaria 2021ko eka. 4a, 14:50

Txakolinaren Eguna ekaineko lehenengo domekan ospatu ohi da Lezaman; hala ere, COVID-19ak eragindako pandemia dela eta, hango udalak erabaki du aurtengo edizioa urriaren 3an egitea. Jon Ander Aurrekoetxea alkateak adierazi duenez, “beste sektore batzuk moduan, gure upeltegiak, eta lehen sektorea orokorrean, oso une korapilatsua bizitzen ari dira; horregatik, oso garrantzitsua da Txakolinaren Egunaren XIX. edizioa ospatu ahal izatea”.

“Osasun-egoeraren ondorioz, ezin izan genuen iaz hitzordu berezi hau gozatu, baina aurten, ohi baino beranduago bada ere, herriko txakolinik onenak eta nekazaritza-produktuak dastatzeko aukera izango dugu, osasun- eta segurtasun-neurri guztiekin, Bizkaiko Txakolinaren Lezamako upategiak bultzatzearekin batera”, gaineratu du Aurrekoetxeak. 
Lezamako Txakolinaren Egunaren XIX. edizioa gaur eguerdian aurkeztu da herriko Kultur Etxean. Ekitaldian batu dira, besteak beste, Arantza Atutxa Bizkaiko Foru Aldundiko Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko sailaren zuzendari nagusia, Txorierriko alkateak, Asier Dañobeitia sommelierra, Jon Enbeita bertsolaria eta herriko txakolingileak: Basalbeiti, Erdikoetxe, Garkalde,  Larrabe eta Magalarte upategiak hain zuzen ere. Ekitaldia Pedro Mari Goikoetxea kazetariak zuzendu du.  
Zozketa egin da erabakitzeko Txakolinaren Egunean zein txakolina erabiliko den txotx egiteko, eta Erdikoetxe atera da. Dañobeitiak upategiaren txakolina dastatu, eta berari buruz esan du txakolin gastronomikoa dela eta dastatzen duenean Lezaman dagoela sentitzen duela. “Aurreko urteetako txakolinak garratzagoak izan dira; txakolin hau lagunduta arraina, itsaskia zein gilda bat dastatuko nuke. Txakolingileak zoriontzeko moduko produktua da”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).