Aurreko lerroetan esan moduan, Lezamako Batukada Taldeko kideak duela urte bi hasi ziren entseatzen, astero. “Geuk egindako tresnekin hasi ginen, harik eta beste talde batzuek utzitako musika-tresnak lortu genituen arte; aurten udalak erosi dizkigu tresnak. Durangoko Batukandra taldeko partaide bik asko lagundu digute eta haiek izan dira gure erreferente eta irakasle”. Silvia Palombo argentinarraren jarraitzaileak dira eta berak sortutako kantak jotzen eta kantatzen dituzte. “COVID-19a dela eta, entseguak bertan behera utzi behar izan ditugu, eta Silviaren tailerra ere birritan atzeratu da. Hil honetan berriro egongo da gure artean eta aukera paregabea izango da bere indarraz gozatzeko”.
Batukada taldearen partaideak eguaztenetan batzen dira Uribarri Topalekuan, 18:30etik 20:00ak arte. Haiekin bat egiteko eta informazio gehiago eskuratzeko, moreaklezama@gmail.com helbide elektronikora idatzi behar da.
Bestalde, Lezamako Udalarekin batera, batukada-tailerrak antolatu dituzte irailaren 25erako, 27rako eta 29rako, eta espero dute tailer horiei esker batukada-taldea indarberritzea. Uribarri Topalekuan egingo dira tailerrak: hilaren 25ean, 11:00etatik 13:0etara eta 14:00etatik 16:00etara; eta hilaren 27an eta 29an, 18:30etik 20:30era. Izena ematea irailaren 23a baino lehen egin behar da berdintasuna@txorierri.eus helbide elektronikora mezu bat idatzita.