Juan Mari Dañobeitia handiari omenaldia egingo diote bihar, Lezaman

Aikor aldizkaria 2021ko ira. 9a, 11:48

Lezamako jaien ordez, hainbat kirol- eta kultura-ekitaldiak egiten dabiltza azken egunotan herrian. Bihar, hilaren 10ean, esate baterako, profesionalen arteko pilota-partidak jokatuko dira frontoian 20:00etatik aurrera. Lehenengoan, Salaberria-Etxebarria bikotea arituko da Zubizarreta III.a-Uriondo bikotearen kontra; eta bigarrenean, Olaizola II.a-Albisu, Elezkano II.a-Rezustaren aurka. Ez da, ordea, pilota-jaialdi arrunta izango, partiden artean Juan Mari Dañobeitiari omenaldia egingo diotelako.

Juan Mari oso ezaguna eta maitatua izan da Lezaman. Izan ere, herriko taldeak Herrien Arteko Txapelketa ekainean irabazi zuenean, pilotariek Dañobeitiari bere etxean eskaini zioten txapela. Bihar, omenaldi bi jasoko ditu Dañobeitiak: batetik, Lezamako pilota-eskolaren eskutik; eta bestetik, berak irakatsitako pilotarien eskutik. Xabier Euzkitze eta Pedro Mari Goikoetxea kazetariek hartuko dute parte ekitaldian.

 

Lezamar petoa

Juan Mari abuztuaren 17an hil zen, 77 urte zituela. Pilotari profesionala izan zen 1976tik 1987ra bitartean, eta erretiroa hartu zuenean jarraitu zuen pilotaren alde lan egiten, batez ere, Lezamako pilota elkartean. Bertan monitore eta idazkari ibili zen eta hainbat eta hainbat gazteren maisua ere izan zen: Iker Amarika, Txaber Zabala, Gorka Artetxe, Iñigo Aurtenetxe… “Bigarren aita genuen: hurbila, berritsua, atsegina… Beti laguntzeko prest agertzen zen, eta oso harreman ona zuen guztiokin: gurasoekin, udalarekin, pilotariokin… Gainera, lezamar petoa zen eta saltsa guztietan sartuta ibiltzen zen, pilotan ez ezik; herriko jaietan ere, adibidez. Bere heriotzak ustekabean harrapatu gintuen. Oso triste izan zen”, esan digu Iñigo Aurtenetxe pilotariak.

“Bizitza osoa ibili da Lezamako Pilota Klubean: gaztetan, pilotari; eta profesionala izateari utzi zionean, entrenatzaile eta mahaikide. Hainbat urte eman zituen gurekin elkartean eta herriak izugarri estimatzen du. Kanpoko klubek ere dolumina adierazi digute. Eta horregatik inoiz baino jende gehiago hurbilduko da frontoira, beti ere edukieraren % 60 errespetatzen, noski. Izugarrizko giroa egongo da”, aipatu du Jaime Uriarte Lezamako Pilota Klubaren presidenteak.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).